2012/09/23

Urte bat geroago ere, Kukutza bihotzean


Asteburu honetan Kukutza III Gaztetxearen desalojo eta eraisketaren lehenengo urteurrena izan dugu.
Oraindik gogoratzen dut desalojoaren eguna. Bartzelonan nengoen. 2011ko irailaren 21ean, goizeko 6retan, unibertsitatera joateko esnatzen naiz, telefono mugikorra pizten dut eta, bat batean, testu mezu bat: SOS KUKUTZA! ZIPAIOAK KUKUTZA DESALOJATZEN ARI DIRA! ZABALDU ETA ARIN ETORRI! 
Mila gauza pasa ziren nire burutik momentu batean: Anaia, auzokideak, lagunak, gaztetxekideak... Azken finean: Nire Auzoa. 

Zer egin nezake? Ba, lehenengo eta behin, anaia deitu nuen. Kriston eskandaloa zegoen bere inguruan. Kukutzaren aldeko abestiak, oihuak... eta bat batean, tiroak. Zurrunbiloa. Oihu gehiago. Nahastea. Beldurra. Harridura. Eta nire anaiaren ahotsa: "Lasai, ondo gaoz, atari batean sartu gara ta lagun baten etxean gaoz, baina oso gogor hasi dira goizetik tiroka."
Ez nuen izan dutxatxeko denborarik. Ez nuen izan gosaltzeko denborarik. Erlojua begiratu eta trena hartu behar nuelaz konturatu nintzen. "Agur pitxin. Kontuz ibili, mesedez. Gero hitz egingo dogu". Telefonoa eskegi eta, korrika, armairuan aurkitu nuena jarri nuen soinean. Hozkailutik irabiaki bat hartu, gutxienez zerbait hartzeko unibertsitatera heldu baino lehen, trenean bada ere.
Trenaren zain. Gaztetxekide bat deitzen dut, barruan egongo zela nekiela. Urduritasuna eta borrokatzeko indarrarekin zeudela esan zidan. “Animo eta muxu asko guztientzat!”.
Banekien anaia eta lagunak ondo zirela. Baina aldi berean, inoiz baino urduriago egon nintzen egun osoan zehar. Unibertsitatera joan ala ez joan, berdin helduko nintzen etxera. Goiz osoan zehar nire auzoarekin, nire gaztetxearekin, nire familiarekin eta nire lagunekin oroitzen egon nintzen, irakasleak zioenari kasurik bez egin gabe.
Hurrengo hiru egunetan, lagunekin eta anaiarekin etengabe hitz egiten egon nintzen. Telefono mugikorra belarri batean, telefono finkoa bestean, ordenagailuan facebook, tuenti eta twitter zabalik, kukutzako bloga, eta egunkarietan agertzen zen edozein berri zabaltzen. Kukutzaren aldeko jendeari nola heldu esaten twitter bidez. Horrela izan ziren desalojotik aurrerako hiru egunak.
Eraisketaren eguna heldu zen, eta ez nuen streaming behar zuzenean ikusteko nola dirua eta politikagatik gure auzoko ametsen fabrika eraisten zuten, lagunek wathsapparen bidez eguneratzen ninduten. Edurne, Ainara, Haizea, Usoa, Itxaso eta Ivet, eskerrak. Eta Kukutza defendatu zutenei eskerrak.
Errekaldeko kaleetan egon zirenei eskerrak. Eta Errekaldetik urrun egonda ere, Kukutzaren alde zerbait egin zutenei, eskerrak bebai. Errekaldetarra naiz, eta harro nago. Baina nire auzoan izan den egun garrantzitsuenean ezin izan naiz izan. Baina gure Gaztetxearen alde ahal izan nuena egin nuen Bartzelonatik, hamaika pertsona bezala.
Orain urte bat pasatu da. Oso urte arraroa Iturrigorri kaleko lehenengo zenbakitik pasatzen nintzenean. Baina Errekaldetarrak ez dugu polizien borrengatik edo eskabadoreengatik amore ematen.
Borrokatzen jarraitzen dugu, beti bezala. Gure auzoan ez dugu bakerik izan, daukagun guztia auzolanarekin eta borrokarekin lortu dugulako.
Eskerrak bebai Azkuna jaunari. Egun on, Iñaki. Eta mila esker. Mila esker nolakoa zinen konfirmatzeagatik, norbaitek zalantzarik bazuen ere. Baina benetan eskerrak emango dizkizugu bakean uzten bagaituzu.
Baina benetan, mila esker gurasoei. Errekalden bizitzea posible egin dutelako. Eta haiei esker, nongoa naizen galdetzen didatenean, ez dut “Bilbokoa” esaten, “Errekaldekoa” baizik.
Zorionak, Errekalde. Zorionak, mundu osoan ez dagoelako auzo duinagorik. Mundu osoan ez dagoelako auzo gogorragorik. Mundu osoan ez dagoelako gurea bezalako auzorik.
Auzoak ez du ahaztuko, eta ez du barkatuko ere.
Gora Kukutza!
Una abraçada a totes des dels Països Catalans!

No hay comentarios:

Publicar un comentario